SESTAO

Prentsa Aretoa

2018/10/30

Udalak 600.000 euro bideratuko ditu Las Llanas Udal Frontoia zaharberritzeko

Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu eraikinaren barruan zein kanpoan segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, eta instalazioak berritzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak Las Llanas Udal Frontoia zaharberrituko du instalazioak berriztatzeko eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako irisgarritasun- eta segurtasun-araudi berrietara egokitzeko. Lanak gauzatu ahal izateko, Udala dagoeneko hasi da lehen urratsak ematen. Lehenik eta behin, birgaitze-proiektu bat kontratatu du. Dagoeneko amaituta eta jasota dago. Ondoren, udal aurrekontuan kreditu-aldaketa bat egin du 600.000 euroko partida obrak ordaintzeko bideratu ahal izateko.  Urtea amaitu baino lehen, espero dute lanen lizitazioari hasiera ematea, 2019an hasi eta amaitu ahal izateko.

Aurtengo udal aurrekontuan, inbertsioen atalean, 175.000 euro sartu dira frontoia egokitzeko lanetarako eta emakumeen aldagela egiteko, proposamen hori atera baita garaile aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan.

Nolanahi ere, Josu Bergara alkateak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren segurtasun- eta irisgarritasun-araudiak bete behar direla kontuan hartuta, eta eraikinaren kontserbazio-egoera bera kontuan hartuta, "eraikinean anbizio handiko proiektua egin behar da, etorkizunera begira, eta horixe da hain justu egingo duguna".

Barrutik eta kanpotik zaharberritzea
Gorka Álvarez Euskara eta Kirolak arloko zinegotziak azaldu du egingo diren lanek "frontoiaren barruan zein kanpoan izango dutela eragina, segurtasuna hobetuko dutela, eta instalazioen egitura ere hobetu eta berrituko dela".

Barruan, sarrerako halla eta leihatila gunea egokituko dira, eta aldagelak nahiz komunak zaharberrituko dira. Harmailetako eserlekuak eta babes-sareak aldatuko dira. Horrez gain, Udalak kantxa eta kontrakantxa hobetuko ditu, baita instalazio elektrikoa eta megafonia ere. Argiztatze-sistema berria egongo da LED fokuen bidez. Azkenik, ebakuazio ibilbideak hobetzeko hainbat neurri hartuko dituzte, eta lanak amaitzeko, horma guztiak margotuko dira.

Kanpoan, ur-filtrazioak kenduko dira, irisgarritasuna hobetuko da sarreran, eta fatxadan konponketa- eta garbiketa-lanak egingo dira.

Obrak 2019an hastea

Ekonomiaren alderdia konpondu ondoren, Udala baldintzen plegua idazten hasiko da obrak lizitaziora ateratzeko. Hala, Udalak espero du urtea amaitzerako lizitazio-prozesuarekin hastea, obra 2019. urtean gauzatu dadin. Proiektuaren egikaritze-epea lau hilabetekoa izango da.

Las Llanas Frontoia zaharberritzeko lanak oso jarduketa garrantzitsua izango dira; izan ere, udal, gizarte eta kirol arloko ekintza ugari egingo dira eraikin horretan. Pilota elkartearen ekintzak gauzatzeaz gain, urte honetan zehar asko erabili izan da bestelako programak martxan jartzeko; besteak beste, Errege Magoek haurrei harrera egiteko, dantza jaialdietarako, xake-txapelketetarako, gimnasia erakusketetarako, herri bazkarietarako, merkatarien elkarteko moda pasarelarako eta beste hainbat ekintzatarako.

Udala pixkanaka ari da kirol instalazioak berritzeko planak gauzatzen, eta proiektu hau ere plan horien barruan dago.