SESTAO

Prentsa Aretoa

2016/07/28

Udalak Sestoko lehen hiri-igogailuak jarri ditu martxan

Gaurtik aurrera, bi igogailuk berdintzen dute Juan Crisóstomo Arriaga eta Marcos Grijalvo kaleen arteko desmaila, 20 metrokoa, Kueto auzoan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak gaur jarri ditu martxan udalerriko lehen hiri-igogailuak, zeinek Juan Crisóstomo Arriaga eta Marcos Grijalvo kaleak lotzen dituzten, Kueto auzoan. Igogailuok astelehenetik igandera funtzionatuko dute etengabe, 7:00ak eta 23:00ak bitartean.

Igogailuok desmaila handia berdintzen dute, 20 metrokoa; lehen, aldiz, eskailerak baino ez zegoen igo eta jaisteko. Irisgarritasuna hobetzeaz gain, auzoak egonleku berri bat izango du igogailuen arteko tartean. Plaza txiki bat da, hiri-altzariez hornitua, herritarrak gune horretaz gozatu ahal izan daitezen.

Igogailuak ireki baino lehen, Udalak segurtasun-kamera bana instalatu du bi gune beltzotan, eremuari segurtasun handiagoa emateko. Kamera horiek zuzeneko irudiak transmititzen dituzte Udaltzaingo-etxera eguneko 24 orduetan.

Sestaoko alkate Josu Bergara pozarren azaldu da igogailuak martxan jartzeak auzokoei ekarriko dien onura handiagatik. “Gure ustez, egundoko zerbitzua emango dute, zeren Kueto, Rebonza eta La Bariega aldeek irisgarritasun konplikatu samarra baitute, eta hainbat pertsonek, adina dela, desgaitasunen bat dela, edo haurtxo bat izanik gurdia daramatelako, zailtasun larriak baitituzte hara-hona ibiltzeko”.

Ildo horretan, Obrak eta Bideak arloko zinegotzi den Leire Fernandezek gogorarazi duenez, igogailuek “ibilbidea amaitzen dute auzoan dagoen supermerkatu bakarraren aurrean", eta, gainera, “herritarrei erraztuko diete garrantzizko zenbait zerbitzu erabiltzea, hala nola Kueto osasun-zentroa eta ikastetxe publikoa".

Sestaoko udalerrian instalatu diren laugarren irisgarritasun-gailuak dira horiek, honako hauen ondotik: La Iberia eta Antonio Trueba kaleetako arrapala automatikoak, eta Miguel Servet kaleko eskailera automatikoak. Igogailuen eraikuntza Sustapen Ministerioak finantzatu du osorik, Kueto gizarte-etxea eraberritzeko proiektuaren barruan.

Uda ostean, udalerriko bosgarren irisgarritasun-gailuak abian jartzea aurreikusten da: La Paz Auzuneko igogailu berriak. Aldi berean, Sestaoko Udalak formulak aztertzen jarraitzen du malda handiak edo eskailerak dauden hiriko eremuetan irisgarritasuna hobetzeko. Izan ere, halakoetan konponbide mekanikoa nahitaezkoa izaten da herritarren mugikortasuna hobetze aldera.