SESTAO

Prentsa Aretoa

2016/05/17

“Taper Solidarioa” programak janari kozinatua emango die Sestaoko 50 bizilaguni

Udalak hitzarmen bat izenpetu du Aunar Elkartearekin, proiektu hori 2019 arte gauzatzeko, esperientzia pilotuak oso emaitza onak izan baititu

rss Ezagutzera eman
“Taper Solidarioa” programak janari kozinatua emango die Sestaoko 50 bizilaguni

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak lankidetza-hitzarmena izenpetu du Aunar Elkartearekin, Taper Solidarioa programa udalerrian gauzatzeko. 2015eko azken hiruhilekoan burutu zen esperientzia pilotuak oso emaitza onak izan zituen. Hori dela eta, Udalak baliabide garrantzitsu hori 2019 arte bermatzea erabaki du, Gizarte Ekintza eta Adinduak arloaren barruan. Hala, berrogeita hamar pertsonak astero jasoko dute janari kozinatua, jatetxeetako eta sukalde kolektiboetako soberakinetatik datorrena.

Astero-astero, Aunar elkarteak janari-banaketa egingo du Udalak horretarako egokituko duen lokal batean. Elikagaiak janari-soberakinak dira, eta Aunar elkartearekin lotura duten jatetxeek eta ikastetxeek borondatez ematen dituzte. Janari hori ontzietan izozten da, aurreikusitako berme eta homologazio guztiak betez, eta poltsa isotermikoetan banatzen zaizkie onuradunei, aste osorako janari nahikoa izan dezaten.

Programak berritasun bat du: izan ere, janari-errazioak asteko zazpi egunetarako banatuko dira; esperientzia pilotuan, aldiz, sei egunetarako ematen zen. Badago beste berritasun bat: gizarte-zerbitzuek lan-plan bat ezarriko dute erabiltzaile bakoitzarekin, gizarteratzea eta bizi-kalitatearen hobekuntza sustatzeko. Modu horretan, janari-banaketatik harago doan lan soziala egingo da. Iaz zerbitzua ematen zitzaien 40 pertsonetako batzuek errepikatu egingo dute, baina gehienak erabiltzaile berriak izango dira. Onuradunen profilari dagokionez, zerbitzua honako hauek jasotzea espero da: egunean hiru otordu egiteko zailtasunak dituzten adindunak, langabezi kronikoa pairatzen duten pertsonak, gizarte-laguntzen sisteman noiz sartuko zain dauden pertsonak, eta gaixotasunen bat dela medio elikadura egokirik ez duten pertsonak.

Hasiera batean, esperientzia pilotu horrek 2016ko maiatzaren 17tik abenduaren 31ra arte iraungo du. Hitzarmenak, ordea, urtero luzatzeko aukera ezartzen du, 2019ko abenduaren 31 arte. Programa gauzatzeko, Sestaoko Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo du urtero, proiektua diruz laguntze aldera.