SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/10/14

2016an %0,2 igoko dira udal zerga, tasa eta prezio publikoak

Udalak erabaki du lehendik indarrean dauden 33 hobari fiskalak bere horretan uztea, soldata txikiekin Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen duten pertsonei laguntzeko ezarritakoak

rss Ezagutzera eman
2016an %0,2 igoko dira udal zerga, tasa eta prezio publikoak

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak onartu ditu 2016. Urterako ordenantza fiskalak, %0,2ko igoera eginez, Euskal Autonomi Erkidegoko urtetik urterako KPIaren parekoa. Udalak erabaki du igoera honetatik kanpo uztea etxebizitzen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Juan Ellacuria egoitzako egonaldiak eta etxez-etxe laguntzeko zerbitzua, guztiak ere lehengoan uzten direlarik.

Ogasun eta Ondare zinegotzi den Leire Corralesek defendatu duenez, datorren urterako ordenantza fiskal hauek planteamendu “aurrerazale eta progresiboa” jarraitzen dute, diru gehiago duenak gehiago ordaindu beharko duelako. Horrela, udalerriko enpresa handiei ezarritako igoera handiagoa izan da familiei ezarri zaiena baino.

2016an ordenantzetan tasa berri bat sartuko da, bide publikoan kutxazain automatikoa duten banketxeei kobratzeko. Datorren urteari begirako beste berrikuntza garrantzitsu bi dira garabiaren prezioa beherantz borobildu izana eta Txabarri-El Sol ARIko auzo-komunitateei %50eko hobaria ematea, eraikinetan konponketak egiteko kalean jarri beharreko aldamioengatik ordaindu beharrekoan. Neurri honekin sustatu egin nahi da udalerriko beheko aldeko hirigintza birgaitzean aurrera egitea.

Horrekin batera, Udalak erabaki du lehendik indarrean dauden 33 hobari fiskalak bere horretan uztea, soldata txikiekin Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen duten pertsonei laguntzeko ezarritakoak.

Gaur egindako Udalbatza Osoaren bilkuran, gobernu taldeak konpromisoa hartu du bere gain Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzeko laguntzak emateko udal ordenantza bat prestatzeko. Laguntza hauek errenta baxuenak dituzten familiei zuzenduak izango dira, eta horiekin indartu egin nahi da une honetan txartoen pasatzen ari den pertsonei ematen zaien babes soziala.