SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/09/22

Sestao tupper solidario ekimenarekin bat egiten duen Bizkaiko lehen udalerria izango da

Sestaoko Udalak eta AunaR Gobernuz Kanpoko Erakundearekin zenbait jatetxetako soberako janari kuzinatua banatuko dute 40 herritarrentzako

rss Ezagutzera eman
Sestao tupper solidario ekimenarekin bat egiten duen Bizkaiko lehen udalerria izango da

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak AunaR Gobernuz Kanpoko Erakundearekin hitzarmen bat egin du, proba fasean dagoen tupper solidario ekimenarekin bat egiteko. Datorren urriaren 1etik aurrera 40 herritarrek, euren kontsumorako, zenbait jatetxetako soberako janari kuzinatua jasoko dute. Urrats hau emanda Sestao jatetxeetako lapikoetan geratzen diren jakiei irtenbide bat eman eta egoera txarrean dauden pertsonak laguntzeko 2014an sortu zen ekimen solidarioarekin bat egiten duen Bizkaiko lehen udalerria izango da.

Tupper solidario ekimenarekin, Sestaoko Udalak beste behin ere txarto pasatzen ari diren pertsonekiko konpromisoa erakutsi du. Kasu honetan, gizarte zerbitzuek, irizpide profesional zorrotza erabilita, aukeratu duen herritar talde bat izango da ekimenaren onuradun. Pertsona hauek ez dute gizarte zerbitzuek artatzen dituzten  baztertu profila betetzen, nahiz eta euren eguneroko bizitzan zailtasunak izan.

Ostegunero, AunaR elkarteak janaria banatuko du Udalak horretarako prestatu duen lokalean. Janaria AunaR elkartearekin lotura duten jatetxeek  modu boluntarioan ematen dituzten soberakinak dira. Janari hau, aurreikusitako berme eta homologazio guztiak beteta, izoztu egiten da ontzietan, eta poltsa isotermikoetan banatzen zaie onuradunei aste osorako janari nahikorekin.

Hasiera batean, esperientzia pilotu hau urriaren 1etik abenduaren 31ra luzatuko da eta berau gauzatzeko Sestaoko Udalak 3.000 euroko diru-laguntza emango du, horrekin proiektuaren %50 finantzatuz. Denbora tarte hau pasatzen denean, Udalak ekimen honen balorazio baikorra egiten badu, proiektua luzatu eta zerbitzuari egonkortasun handiagoa emateko formula bilatuko du.