SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/06/26

Sestaoko Udalak abian jarri du 2015eko enplegu planaren lehen fasea

Guztira 22 lanpostu eskainiko dira

rss Ezagutzera eman
Sestaoko Udalak abian jarri du 2015eko enplegu planaren lehen fasea

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abian jarriko dute 2015eko enplegu planaren lehenengo fasea. Hain zuzen ere, datorren astean zabalduko da enplegu planaren lehenengo hiru programetan izena emateko epea, eta guztira 22 lanpostu eskainiko dira. Hona hemen hiru programa hauek; Hirigunea edertzea, Eraikin eta toki publikoen mantentzea eta Kirol jardueren sustapena.

Hirigunea Edertzea programak aurreko ekitaldietan egindakoari jarraituko dio, eta batez ere bide publikoetan eta hiri-altzarietan mantentze-lanak egitera mugatuko da, eta baita ere eraikinetako trabak kentzera. Oraingoan, Udalak 13 pertsona kontratatuko ditu, horietatik 6 igeltserotza-pinturako pioiak izango dira, beste sei igeltserotza eta pinturako ofizialak, eta azkenik, bat, taldeko arduraduna izango da.

Eraikin eta toki publikoen mantentze programa mantentze-lan txikiak egitera bideratuko da, batez ere Las Llanas eta La Benedicta kiroldegietan. Programa honetan 7 langile kontratatuko dira: 3 pioi, 4 ofizial eta arduradun bat.

Azkenik, lehenengo fase honetan bi pertsona gehiago kontratatuko dira kirol instalazioetan aisialdi eta animazio jarduerak egiteko, batez ere La Benedictako kanpoko igerilekuetan, uda sasoian, Kirol jardueren sustapena deitu den horretan.

Programa hauetan izena emateko epea zabalik egongo da uztailaren 1etik 8ra bitartean, biak barne. Izena eman nahi duten pertsonek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: langabetuak izatea eta Lanbiden eta Sestaoko Behargintzan eskatzaile gisa izena emanda izatea, eta baita ere 2015eko ekainaren 1eko dataz gutxienez urte betez Sestaon erroldatuta egotea.

Lanbideren araudian ezartzen denaren arabera, enplegu planean parte hartzen duten pertsonen %30 diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen daudenak izango dira, eta gainerako %70 hurrengo edozein kolektibo osatzen dutenak:  35 urtetik beherakoak, 45 urtetik gorakoak, gutxienez 6 hilabetez langabezian daudenak, 55 urtetik gorakoak, langabezi aldi luzeko langabetuak eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonak.. Aurten, berrikuntza bezala, enplegu planean kontratatutako pertsona guztien %40 emakumeak izan beharko dira.

Lehen fase honetan aukeratutako pertsonak uztailaren erdialde eta amaiera aldean hasiko dira lanean. Sei hilabeteko kontratuak izango dira, %75eko lansaioarekin, Kirol jardueren sustapena programakoak izan ezik, horiek hiru hilabetekoak baitira.  
 
Sestaoko 2015eko Enplegu planaren bidez urtea amaitu arte guztira 48 pertsona kontratatuko dira, bederatzi programa ezberdinetan, zenbait fasetan banatuta. Proiektu hau burutzeko 675.501 euroko inbertsioa egingo da, eta horietatik 463.120 euro Lanbidek ordainduko ditu udalerriei ematen dien diru-laguntza deialdiaren bidez, eta gainerako 212.391 euroak Udalak berak ordainduko ditu.