SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/03/18

Abian da La Puntako 163 etxebizitza babestuen aurreneko etxebizitzen eraikuntza

Covadonga Solaguren Andrea, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordea, eta Josu Bergara, Sestaoko Alkatea, obren hasiera bisitatzen egon dira gaur goizean

rss Ezagutzera eman
Abian da La Puntako 163 etxebizitza babestuen aurreneko etxebizitzen eraikuntza

ARGAZKIA JAITSI

Covadonga Solaguren Andrea, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordea, Josu Bergara Sestaoko Alkatea eta Marcos Muro jauna, Visesako Zuzendari Orokorra, Vega Galindo (La Punta) zonaldean Visesa sustatzen ari den 163 etxebizitza babestuen obren hasiera bisitatzen egon dira gaur goizean. Etxebizitza babestu hauek salmentan eta alokairuan egongo dira eta udalerrian premia duten pertsona guztiek etxebizitza duina izan dezaten hartutako konpromisoa erakusten du.

Vega Galindoko operazio hau Sestaok hiriak birgaitzeko izan duen proiektu garrantzitsuenetakoa da. Proiektu hau egitea Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak 2005 urtean udalerriaren birgaitze urbanistikoa eta sozialari aurre egiteko sinatutako erakundeen arteko akordioan jasotzen da.

Bisitaldian, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko arduradunek egiaztatu ahal izan dute hondeamakinek dagoeneko hasi direla etxebizitzen lurrazpiko aparkalekuak izango diren ontziak egiten, promozio hau egia bihurtuko duen lehen urratsa. Tokian bertan, alkateak bere poza agertu du makineria lanean ikusita eta baita zenbait urte itxaroten egon ondoren Sestaoren etorkizuna abian dela ikusita.

Alkateak adierazi du La Puntako obren hasiera errealitatea dela dagoeneko eta hori berri pozgarria dela herri honentzat, hiriak birgaitzeko arloan proiektu estrategikoetako bat delako eta gogoratu du Sestaoko etorkizuneko zabalgunea forma hartzen ari dela Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, legealdi honetan abian jarri baititu azken hamarkadan paper gainean garatzen ari ziren ideia guztiak tokian bertan gauzatzen hasteko beharrezkoak ziren baliabide guztiak.

Iazko urte hasieran hasi ziren Vega Galindoko 1. Egikaritze Unitateko obrak, 1,6 milioi euroko inbertsioarekin. Harrezkero, eraikinak joango diren partzela auzokide berriak hartzeko obrak egiteari ekin zaio. Hala, oinarrizko zerbitzuak instalatu dira, kaleak eraiki dira eta espazio publiko berri batzuk ere egin dira.

Urbanizazio obrek aurrera eginda, aurten 1. Egikaritze Unitatean aurreikusten diren 328 etxebizitzen aurreneko 163 etxebizitza eraikitzen hasteko ordua zen. Pasa de urtarrilaren 22an Valeriano Urrutikoetxea enpresak eraikitze lanei ekin zion 9.409.944,39 euroko inbertsioarekin (BEZ gabe) eta 20 hilabeteko iraupenarekin.

Honen gainean Covadonga Solaguren Etxebizitza Sailburuordeak adierazi du Eusko Jaurlaritza apustu garrantzitsua egiten ari dela Sestaoko udalerrian etxebizitza babestua sustatzeko, kontuan hartuta une hau oso konplikatua dela aurrekontuei begiratuz gero, departamentuak kudeatzen dituen baliabide ekonomikoak proiektua egiten hasi zenean zeudenak baino nahiko urriagoak direlako.

Etxebizitzak bi bloketan banatuko dira. Lehen eraikinak alokairuan hartzeko 58 etxebizitza sozial izango ditu. Bloke hau Udalari emango zaio lur-lagatze kontzeptuan. Bigarren blokeak babes ofizialeko 105 etxebizitza hartuko ditu, 53 etxebizitza babestu alokairu erregimenean eta 52 babes ofizialeko etxebizitza salmentan.

Hasira batean 105 etxebizitza hauek guztiak salmentan jartzekoak ziren, baina kontuan hartuta familien egoera ekonomikoa, Eusko Jaurlaritzak erdia alokairuan jartzeko erabakia hartu du horrela errenta baxuenak dituztenen aukera bermatzeko.

Salmentan jarriko diren etxebizitza hauek 2 eta 3 logelatakoak dira (mugikortasun urritua dutenei egokitutako etxebizitzak ere badaude) eta 57,02 eta 86,34 m2 arteko neurrikoak (gutxi gorabehera). Promozio hau, beraz, familia guztiek dituzten beharretara egokitzen da. 2 logelako etxebizitzek 113.950€ eta 118.975 € (gehi BEZ) bitarteko prezioa dute eta 3 logelakoek 144.241 € eta 158.366 € (gehi BEZ) artekoa. Prezioaren barruan guztiek dute garajea, trastelekuan eta A mailako elektrogailuez eta altzariez apaindutako sukaldea. Etxebizitza hauek eskuratzeko babeseko etxebizitza izateko baldintzak betetzea besterik ez da behar eta Visesaren Bezeroaren Arreta Bulegora jotzea informazio osoa jasotzeko (94 661 26 20 Telefonoa) edo bestela Sestao Berriren bulegora jotzea.