SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/03/17

Udalak emakumeen ahalduntzea sustatzeko hiru tailer antolatu ditu ekainera bitartean

Ikastaroak doakoak dira. Izena emateko epea zabalik egongo da apirilaren 10era arte

rss Ezagutzera eman
Udalak emakumeen ahalduntzea sustatzeko hiru tailer antolatu ditu ekainera bitartean

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak Berdintasun arloak emakumeak ahalduntzeko martxoa eta ekaina bitartean antolatu dituen ikastaro berriak aurkeztu ditu. Flori Nuñez Gizarte Ekintza, Pertsona Adinduak, Berdintasuna eta Garapenerako Lankidetza arloko zinegotziak azaldu du hiru tailer hauek doakoak eta udalerriko emakumeei zuzenduta daudela eta tailerren helburua emakumeen ahalduntzea eta pertsona moduan haztea sustatzea eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun egoeraz kontzientzia hartzea dela.

Lehen ikastaroa “Elkarrekin aurrera egin eta borrokatuz” izeneko emakume etorkinen topaketa tailerra da. Udalak Sestaora migratu duten emakumeei, 2014an hasitako lanarekin jarraituz, aukera eman nahi die emakume bezala duten egoeraz gogoeta egin eta dituzten esperientziak konpartitzeko eta horrela hemengo gainerako emakume guztiekin batera euren boterea bakarka eta modu kolektiboan indartuko duen ikasketa gune bat sortzeko.

Tailer hau Cony Carranza Castro andreak dinamizatuko du eta bertan amatasuna, benetako maitasuna, giza eskubideak eta aldaketari aurre egiten jakiteari buruzko saioak egongo dira eta horietako bakoitzean pertsona adituek parte hartuko dute. Ikastaroa martxoaren 20an hasi eta ekainaren 26an bukatuko da. Musika Eskolan emango da 15 egunik behin.

Bigarren tailerra Autodefentsa Tailerra da, eta hau apirilaren 13an hasi eta ekainaren 8an bukatuko da. Pilar Álvarez Moles andreak emango du astelehenero Udalak Los Baños kalean dituen lokaletan 18:00etatik 20:00etara.

Nuñez andreak honakoa adierazi du: “gaur egun Gazteen Informazio Zentroak asteburu osoa irauten duen autodefentsa tailerra programatzen du arrakasta handiz Neba-Neba elkartearekin elkarlanean. Honek duen arrakasta ikusita, Berdintasun arlotik ildo honi jarraitzen dion tailer bat eskaini nahi izan dugu baina iraupen luzeagokoa eta edukietan gehiago sakonduko duena”.

Berdintasun arloko arduradunak honako hau aurreratu du: “tailer hau kalean ematen diren eraso fisikoei aurre egiten ikastea baino zerbait gehiago da”. “Bestelako eraso sexistak atzematen ikasiko dugu eta guztion artean hauei erantzun bat eman eta borrokatzeko jarrerak eraikiko ditugu. Guztiok parte hartzeko giro erosoa eta konfiantzazkoa sortuko da eta autodefentsa eta ahalduntzea landuko dira bai pertsona  mailan eta baita era kolektiboan ere. Jarduera hau zabalik egongo da Sestaoko adin guztietako emakumeei”.

Hirugarren tailerrak Nire mugak sentitu du izena eta Itziar García Quintanillas psikologoak emango du. Flori Núñez andreak honakoa adierazi du: “Emakumeentzat ezetz esan ahal izatea eta hori esateak emozionalki adierazten duena eramaten jakitea lan eskerga izaten da eta horretan gainera gure inguruabarrak ez digu inolako erraztasunik ematen. Horregatik, tailer honetan bakoitzak dituen mugak, gure espazio pertsonala sentitzen eta non amaitzen den eta gainerako guztia non hasten den landuko da" Ikastaro hau apirilaren 16an hasi eta maiatzaren 28an amaituko da. Ostegunero izango da 18:00etatik 20:00etara Los Baños kaleko udalaren lokaletan.

Bukatzeko Núñez andreak honakoa azpimarratu du: “2014.urtean hasi genuen ildoari jarraituko diogu urte osoan zehar formazio eskaintza bat mantendu eta Sestaoko emakumeei ahalduntzen lagunduko diena".  “Guretzat ahalduntzea emakumeek desberdintasun egoerarekin bukatzeko baliabideak, kontzientzia eta trebetasunak hartzea da emakumeok herritar gisa gizartearen parte izan gaitezen eskubide eta benetako berdintasun baldintza guztiekin. Tailer hauen bidez hori lortzeko ezagutzak, tresnak eta espazioa eskaini nahi dugu”.

Ikastaroak doakoak dira, baina plazak mugatuk eta beraz izena ematea ezinbestekoa da.

Izena emateko epea zabalik egongo da apirilaren 10era arte Udaletxeko Berdintasun arloan, eta bertara joanda, 94 472 90 00 telefonora deituta, Facebook bidez Sestao Berdintasuna orrian, igualdad@sestao.net helbidera idatzita edota whatssap bidez 606 02 39 75 telefonoan egin daiteke izen ematea.