SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/02/05

Sestaoko Udalak irakurzaletasuna familietara hurbiltzeko programa jarri du abian

“Kontuleku” Euskara arloak sustatuta otsailaren 24tik apirilaren 28ra bitartean garatuko duen jarduera da

rss Ezagutzera eman
Sestaoko Udalak irakurzaletasuna familietara hurbiltzeko programa jarri du abian

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak “Kontuleku” izena daraman programa berria jarriko du abian, haur txikiak dituzten familiek euskararaz irakurtzeko ohitura hartzeko helburuarekin

Igor de Pablos Euskara zinegotziak esanetan, "Kontuleku" programaren bidez haurren artean literatura zaletasuna bultzatzen saiatu nahi da etorkizunean liburutegiaren erabiltzaile izan daitezen. Horretarako, bi talde eratuko dira, bata 3 eta 4 urteko haurrekin eta bestea 5 eta 6 urtekoekin, batean zein bestean tutore baten laguntza izango dute eta martitzenetan bilduko dira ordu betez otsailaren 24tik apirilaren 28ra bitartean. Parte-hartzaileek programatu diren bederatzi saioetan aukera izango dute jarduera hori aurrera eramateko euren esku ipiniko diren ipuin, jolas eta ikus-entzunezko materialaz disfrutatzeko.

“Kontuleku” programaren helburu garrantzitsuenetakoa liburutegia ezagutzera emate da familian disfrutatzeko eta irakurleak sortzeko zerbitzu gisa eta zerbitzu honen erabiltzaile kopurua handitzea. Zentzu horretan, Udalak herritarrei jakitera eman nahi die liburutegia gure udalerriko erakunde aktiboa izateaz gain kultura bultzatzeko tokia ere badela.

Era berean, De Pablosek azpimarratu du ekimen honek familiaren barruan euskararen transmisioa indartzeko ere balio izango duela. Xede horrekin, guraso euskaldun zein erdaldunek espazio bat izango dute irakurketaren bidez euren seme-alabekin batera euskaraz disfrutatzeko. 

Jarduera hau egiteko izena emateko epea zabalik egongo da otsailaren 13a arte Udalaren Euskara arloan. Eskaintzen diren plazak baino izen emate handiagoa egotekotan otsailaren 17an eguerdiko 12:00etan zozketa publikoa egingo da liburutegian.