SESTAO

Prentsa Aretoa

2014/12/23

Udalak doan jarri du WiFia Kasko eta San Pedro plazetan

Asmoa da hurrengo egunetan zerbitzua jardunean egotea

rss Ezagutzera eman
Udalak doan jarri du WiFia Kasko eta San Pedro plazetan

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak urrats berria eman du hiritarrei teknologia berriak ezartzeko bidean eta hori dela eta WiFi sarea jarri du Kasko eta San Pedro plazetan. Sistema honek Internetera doan eta kablerik gabe lotzeko aukera emango du mugikorrak, tabletak eta ordenagailuak erabiliz.

Gorka Egia Teknologia Berrien zinegotziak azaldu du bi gune hauek aukeratzeko arrazoia, neurri handi batean, beharrezko azpiegitura azken urteotan eta bideo-zaintza kamerak jartzearekin batera muntatzen joan delako izan dela eta une honetan bertan WiFia eskaintzeko aukera zuten bi gune zirelako.

Dena dela, zinegotziak azpimarratu du gobernu taldearen asmoa zerbitzu hau udalerriko gune gehiagotara zabaltzea dela "herritarrek informazioaren gizartera hurbil daitezen errazteko, eta kalean badaude eta posta kontsultatu edota Interneten informazioa bilatu nahi badute, egiteko aukera izan dezaten Udalak eskaintzen dien loturaren bitartez". Zentzu honetan, Egia jaunak aurreratu du Txabarri auzoa izan daitekeela hurrengoa sare honetan sartzen, behar diren antenen zati bat jarrita eta martxan dagoelako.

Interneterako loturak segundoko 256 KB-eko muga izango du legediak ezarritakoaren arabera eta P2P orrialdetan sartzea eragotziko da jendeak filmak edo musika jaistea saihesteko.

Egia jaunak era berean jakitera eman du Udalak liburutegiko WiFi sarea hobetuko duela “gela gehiagotara heltzeko” eta Udaletxean Interneterako doako lotura jarriko dela.

“Apurka apurka teknologia berriak udalerriko bizitzan sartzeko lanean ari gara. Udalarekiko tramiteak online egiteko bidea jarri dugu abian, kiroldegietan erreserbak egiteko Internet bidezko sistema jarri dugu, orain WiFi sarea jarri dugu eta Gabonen ostean mugikorrentzako APP-a aurkeztuko dugu, horren bidez Udalaren eta herritarren arteko harremana indartuko delarik” adierazi du Gorka Egiak.