SESTAO

Prentsa Aretoa

2012/02/01

Sestaok aldi baterako aparkalekua moldatuko du Kuetoko ur-tanga zaharraren orubean

Sestaoko Udalak aste honetan Kuetoko ur-tanga zaharrak hartzen zuen orubean aparkalekua moldatzeko obrei ekin die. Espazio honetan gutxi gorabehera ehun ibilgailu sartuko dira eta aldi baterako izango da, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak partzela horretan aurrez ikusitako etxebizitzak eraiki arte.

rss Ezagutzera eman

Konponbide honekin auzorako bi proiektu garrantzitsu (Kuetoko gizarte-zentroa berritzea eta Miguel Servet kalea berriz urbanizatzea) hasten direnean sortutako aparkalekuen defizita arindu nahi du.  Laburbilduz, obrak direla-eta, bizilagunei eragozpenak arindu nahi zaizkie, hurrengo hilabeteetan herri-bidean aparkalekuen kopurua murriztuko baita.

Jarduera hau gobernu-taldeak bizilagun guztiekin duen harreman etengabearen ondorioa da. Azkeneko asteetan herritarrak udal-agintariekin harremanetan jarri dira hurrengo asteetan herri-bidean aparkalekuak kentzearen ondorioz Kuetoko auzoan sor daitezkeen arazoengatik kezka azaltzeko, bi jarduerak denboran bat etorriko baitira.

Joan den asteko asteartean gobernu-taldeak Kuetoko herri-ikastetxean bizilagunekin izandako bileran jada espazio hori parking bezala moldatzeko borondatea iragarri zuen.

Aldi baterako izango denez eta bitarteko ekonomiko asko ez dagoenez, Udala aparkalekua ahalik eta baldintza onenetan uzten saiatuko da, baina Bizkaiko Foru Aldundiak, Azpiegiturak sozietate publikoaren bitartez, partzelan eraikiko dituen 143 etxebizitza babestuak eraikitzen hasten direnean desegingo dela kontuan hartu behar da.

Orubeak 4.700 metro karratuko azalera du eta moldatzeko obrak astelehenean hasi ziren. Orduan, ur-tanga zaharraren eraikuntza-hondakinen multzoak kendu ziren. Aparkalekura sartu eta bertatik ateratzeko arrapalada Gran Vía kalean kokatuko da, Kuetoko Gurutzearen ondoan, alegia. Lursaila txukuntzeaz gain, inguruan argiztapena instalatuko da, bizilagunek gauez errazago aparkatu ahal izateko.

Hirigintza-proiektuaren egoerari dagokionez, joan den urtarrilaren 9an Sestaoko Udalak Kuetoko Egikaritze Unitateko Xehetasun Azterlana hasieran onartu zuen. Helburua lerrokadurak eta sestrak birmoldatzea, irisgarritasuna justifikatzea eta eraikuntza-bolumenak antolatzea da. Gaur egun Azpiegiturak enpresak hirigintza-kudeaketarekin jarraitzen du eta Urbanizazio Jardueraren Programa, Birpartzelazio Proiektua nahiz Unitateko Urbanizazio Proiektua izapidetzen ari da, gero, Udalari Etxebizitzen Eraikuntza Proiektua aurkezteko. Hori Udalak onartu behar du.