Prentsa Aretoa
2024/11/29
Labe Garaiak argiztapen artistikoa estreinatu du
Gauez monumentuaren gainean koloreak proiektatuko dituen 16 fokuko sistemak hilean behin programatuko den argi- eta soinu- ikuskizun bat egitea ahalbidetuko du
Sestaoko Udalak aurrera jarraitzen du Labe Garaia zaharberritzeko eta baliabide turistiko gisa duen balioa nabarmentzeko prozesuan. Monumentuan bertan gaur egin den prentsaurrekoan, Ainhoa Basabe alkateak eta Leire Sáez Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo zuzendariak Labe Garaiaren argiztapen artistiko berria aurkeztu dute, aste honetan bertan martxan hasi den proiektu berritzailea.
Labe Garaia Parkean jarritako bi makuluk kolore-sorta zabalaz argiztatuko dute Labe Garaia euren LED motako zortzina fokurekin. Oraingoz, Sestaoko Udalak hiru erabilera mota aurreikusi ditu sistemarentzat: argi zuri laua, monumentu ikonikoaren irudia gauetan nabarmentzeko; kolorezko argiztapena, data bereziak ospatzeko; eta, inguruan jarri diren sei bozgorailuei esker, argi eta soinu-ikuskizuna, udalerriaren eta eskualdearen iragan industriala gogora ekartzeko programatuko dena.
Joan den astelehenean, azaroak 25, Udalak ekipo berriak estreinatu zituen, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna zela eta. Etorkizunari begira, ekimen honek jarraipena izango du egutegiko beste data garrantzitsu batzuk ospatzeko, hala nola, Hiesaren Kontrako Eguna, Ingurumenaren Munduko Eguna, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, eta garrantzitsutzat jotzen diren beste ospakizun batzuk.
Iragan industriala gogorarazteko ikuskizuna
Ekimen horren jarraipen gisa, gaur arratsaldean, 19:00etan eta 19:30ean, lehen aldiz, argi- eta soinu-ikuskizuna proiektatuko da. Bi adituk, Jon Astorquizak eta Joseba Beristain konpositoreak, diseinu bikaina sortu dute aurkezpenerako, ikustera joaten diren guztien sentimenduak hunkituko dituena. Argi jokoarekin batera, hainbat audio entzun ahal izango dira, hala nola, burdin mineralaren meategien hotsak, minerala Sestaoraino garraiatzean sortutakoak, martxan zeudenean Bizkaiko Labe Garaietan entzun zitezkeen soinuak, eta langileen grebak. Asmoa da hamar minutu dirauen argi eta hots joko hori hilean behin proiektatzea. Hurrengo paseak 2025eko abenduaren 28an eta urtarrilaren 25ean izango dira.
Argi- eta soinu-sistema hori ELEKTRART enpresak jarri du, Bilboko Itsas Museoan Carola garabia argiztatu duen konpainia berak. Proiektu honetan egindako inbertsioa 90.000 eurotik gorakoa izan da, eta ia osorik Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailak ordaindu du.
Ainhoa Basabek azaldu duenez, proiektu honen helburu nagusia da "gure industria-ondarearen harribitxia, Labe Garaia, trakzio-baliabide bihurtzea udalerriko turismoa bultzatzeko eta eskualdearen eta Bilbo Handiaren inguruan industria-turismoko produktu bat garatzeko " Alkateak Ezkerraldeko industria- ondarearen ikono hori birgaitzea ahalbidetzen ari den lankidetza instituzional garrantzitsua ere azpimarratu du.
Erakunde publikoen arteko lankidetza
Leire Sáez Turismoko zuzendariak adierazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundian "tokiko erakundeekin batera lan egiten dugu, Sestaon egin dugun bezala, industria-ondare horren garrantzia nabarmendu eta turismo-esperientzia bihurtzeko, gure lurraldean bizi direnentzat eta datozen bisitarientzat inspirazioa, ikasbide eta harrotasun iturria izan dadin".
"Labe Garai baten gainean argia piztea ondare-pieza bat argiztatzea baino askoz gehiago da; gure gurasoek eta aitona-amonek burdinaren isurketa egin bitartean ikusten zituzten zeru gorrixken oroimena berpiztea ere baita. Zeruertza tindatzen zuten su haiek Bizkaiaren taupada ziren, bere nortasuna ahalegin kolektiboaren berotasunean forjatuta, industriaren erritmoan bizi zen gizarte baten erritmoa markatzen zutenak. Orain, horrelako ekimenekin, burdinazko paisaia horiek erreskatatzeaz gain, kontakizun bizi bihurtzen ditugu gure historia ulertu nahi duen bisitariarentzat. Labe Garaia argiztatzean, nolabait ere, berriro pizten dugu garai baten oroimena, bertoko zein kanpotik etorritako langile askoren lanaren indarrarekin, egun garenaren espiritua eratuz, gure komunitateak hazi ziren garaiarena", gaineratu du foru erakundeko arduradunak.
Argiztapen artistiko hori Labe Garaia Parkea, monumentura sartzeko parke publiko berria, inauguratu eta bi hilabetera jarri da abian. Une honetan, gainera, Kultura Ministerioak Labea zaharberritzeko proiektuaren hirugarren eta azken fasea hasi du, amaitzea 2026an aurreikusia duena.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/04
BERRIA
2024/12/03
BERRIA
2024/11/26
BERRIA
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14