SESTAO

Prentsa Aretoa

2020/12/11

Olentzerok eta Errege Magoek Sestaoko haurrei harrera emango diete Begoñako Andra Mari ikastetxearen patioan

Kultura Arloak eta elkarteek Gabonetako egitaraua osasun-neurrietara egokituta antolatu dute kutsadurak prebenitzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udaleko Kultura Arloak, elkarte-sare eta boluntarioen laguntzaz, Gabon hauetarako jardueren egitaraua egin du eta Covid-19aren ondorioz bizitzen ari garen osasun-egoerari egokituta dago. Horregatik, aurten ohiko Olentzero eta Mari Domingiren kalejira ez da egingo, ezta Errege Magoen kabalgata ere. Horien ordez harrerak izango dira Begoñako Andra Mari ikastetxearen patioan.

“Hain urte zailean haurrengan ilusioa eta Gabonetako espiritua mantendu nahi ditugu. Horregatik, jende-pilaketak saihesteko ekitaldi handiak ezin antolatu arren, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoekin hitzorduak mantenduko dira. Dena den, azken urteetako ohiko formatuarekin alderatuz gero, zenbait aldaketa egingo dira”, azaldu du Eduardo Abadek, Kulturako zinegotziak.

Sestaoko Udalak Begoñako Andra Mari ikastetxeko zuzendaritzari baimena eskatu dio ospakizun horiek patio estalian antolatzeko, udalerriaren hirigunean baitago eta familientzat irisgarria baita. Erantzuna aldekoa izan da. “Ikastetxeari emandako laguntza eta hain ekitaldi garrantzitsuak ospatzeko berriz ere bere instalazioak Udalaren esku jartzea eskertzen dizkiogu”, azpimarratu du zinegotziak.

Abenduaren 24an baserri tradizionala muntatuko da eta Olentzerok nahiz Mari Domingik harrera emango diete neska-mutilei 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Aldez aurretik hitzordua hartu gabe, familiak ikastetxera Vicente Blasco Ibáñez kalean dagoen sarreratik sartuko dira eta bertan seinaleztatutako zirkuitua aurkituko dute ilara egiteko. Nolanahi ere, edukiera mantenduko da eta segurtasun-distantzia gorde ere bai. Adingabeek ikazduna eta bere emaztea agurtu ahal izango dituzte, kontaktu fisikorik gabe eurekin argazkia ateratzeko aukera emango zaie eta gozokien poltsa jasoko dute. Kalera Gran Vía kalean dagoen atetik irtengo da. Ezingo da ikastetxean egon, erabilera horretarako izan ezik, eta boluntario, Udaltzaingo eta babes zibilarekin koordinatuko da segurtasun eta kontrolerako operatiboa.

Urtarrilaren 5ean modu berean jardungo da Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin. Kasu honetan, Errege Magoek haurrak 11:30etik 14:30era hartuko dituzte goizean eta 18:00etatik 21:00etara arratsaldean. Familiek ikastetxera sartzeko Vicente Blasco Ibáñez kaleko sarrera erabiliko dute eta segurtasun-distantzia gordeta, ilara egingo dute txanda iritsi arte. Adingabeei harreman fisikorik gabe eurekin argazkia ateratzeko aukera emango zaie eta oroimen gisa gozokien poltsa eramango dute. Barrutitik irteera Gran Vía kalerantz gauzatuko da.

Olentzerorentzako gutun eta marrazkien lehiaketa
Olentzerorentzat gutun eta marrazkien lehiaketa da beste jarduera bat Gabonetako egitarauan. Ikazdun eta bere emaztearentzat gutunak eta marrazkiak Musika Eskolan abenduaren 14tik 23ra bitartean ipiniko den postontzian bota ahal izango dira. Olentzerok eta Mari Domingik haur irabazleei sariak entregatuko dizkiete 24an, Begoñako Andra Mari ikastetxearen patioan harrerak amaitu ondoren.
Musika Eskolan hainbat ikuskizun egongo dira haur eta gazteentzat eta edukiera % 50era mugatuko da, kutsadurarik ez gertatzeko. Ildo horri eutsiz, ostiralean, abenduaren 18an, (19:00etan) Gaztelekuko antzerki-tailerrak “Aquí no paga nadie” antzezlana aurkeztuko du. Asteartean, abenduaren 22an, (18:30ean) Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek “Bart non ote nintzen ni?” lana antzeztuko dute euskaraz. Hurrengo egunean, asteazkenean, abenduaren 23an, (18:30ean) musika-antzerkiko ikuskizuna antolatuko da eta “El gato con botas / Botadun Katua” euskarara moldatuko da. Azkenik, astelehenean, abenduaren 28an, saio bikoitzean (12:30 eta 18:30ean) Go!azen 7.0 taldeko kideak arituko dira.

Gaztelekua
Gaztelekuak bere egitaraua prestatu du Gabon hauetarako, nerabeen oporrak dinamizatzeko. Ildo horri eutsiz, astelehenean, abenduaren 21ean, (16:30etik 20:30era) taloen tailerra antolatuko du lokaletan Santo Tomas jaia ospatzeko. Asteazkenean, abenduaren 23an, “Gazterrola” izenburupean udalerriko kaleetan zehar ginkana egingo da. Urtea amaitzeko, abenduaren 28, 29 eta 30ean, arratsaldez, Gaztelekuak bere lokaletan hainbat txapelketa antolatuko ditu: Play Statation, Nintendo Switch eta Ping-Pong. Dagoeneko urte berriari ongietorria ematen diogunean, astelehenean, urtarrilaren 4an, Musika Eskolan ipuin-kontaketaren saioa egingo da jende guztiarentzat eta opariak zozketatuko dira (18:00etan).

Nahiz eta elkarte-sareak pandemia dela eta jarduera askoz gutxiago antolatu, erakunde batzuk ekintzak programatu dituzte. Hala egin du, adibidez, El Olivo Andaluziako Etxeak. Larunbatean, abenduaren 19an, (19:00etan) Musika Eskolan Gabonetako Jaialdi tradizionala antolatuko du. Amatza abesbatzak ere abesbatza-kontzertua egingo du asteartean, abenduaren 29an, 18:30ean Musika Eskolan.

Girotzeko musika
Amaitzeko, aurtengo Gabonetako egitarauaren barruan, Gabon-kantak eta girotze-musika ipiniko dira Kasko plazan eta tradizioa mantenduko da.